gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 25, osteguna

Bertan > Bertan 17 Erromatar garaia > Euskara bertsioa: Arrantza eta arrain kontserbak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Arrantza eta arrain kontserbak

142. Arrain saltsen osagai bat berdela izan ohi zen.© Xabi Otero
142. Arrain saltsen osagai bat berdela izan ohi zen.© Xabi Otero

Arrantza garrantzitsua zen erromatar ekonomian, zereal, ardo eta olioaren produkzioa bezain garrantzitsua, biztanleriaren biziraupena arrantzak ziurtatzen baitzuen, neurri handi batean. Freskoan edo kontserban, sukalde guztietara iristen zen. Aberatsenetara espezie preziatuenak, baina ohiko janaria zen klase pobreentzat ere. Arraina kontsumitzeko beste era bat arrain saltsa zen, eta garai hartako errezeta gehienetan sartzen zen; mota bat baino gehiago zeuden, eta lau behintzat ezagutzen dira: garum, hallec, muria eta liquamen. Denetan estimatuena, garum, arrain erraiak hartzituz (hartzidura naturala) lortzen zen, ez usteltzeko gatza erabilita (gatza antiseptikoa da). Arrain mota askorekin prestatzen zen, handi (atuna, esate baterako) nahiz txiki, gatzarekin nahastuz, proportzioz, gatzetan zenbat, arrainetan halako zortzi jartzen zelarik. Gero, eguzkitan edukitzen zen asteetan lehortzen, ore hori egunero nahasten zutela, eta, azkenik, behin eta berriz iragazten zuten, saltsa argi bat lortzen zen arte. Hura anforetan ontziratzen zuten, garraiatzeko eta merkaturatzeko.

143. Arraina gazitzeko lantegiak feniziarrek ekarri zituzten iberiar penintsulara, baina erromatar garaian zabaldu ziren kostaldeko bazter guztietan, Atlantiko aldean barne, eta Armorikako eta Britainiako itsas ertzetaraino iritsi ziren. Garai horretan gatza hornitzen zuen toki bakarra zegoen Gipuzkoan: Leintz-Gatzaga; baina Baionatik gertu gatz hobi garantzitsuak zeuden.© Xabi Otero

145. Asturiasko arrain lantegi bateko errotulua.
145. Asturiasko arrain lantegi bateko errotulua.

Hispaniako kostaldea -nola Mediterraneokoa hala Atlantikokoa-, Afrika iparraldekoa eta Galiako Atlantikokoa antolatu egin ziren merkatuak hornitzeko, eta arrain gazituak eta arrain saltsak egiten zituzten kontserba lantegi andana sortu zen itsasalde guztian. Atunak zuen eskari handiena, baina arrain txikiagoak ere prestatzen ziren: sardina, berdela, eta abar. Kontserba lantegietarako toki onenak itsasertzetik gertu eta, ur geza erraz hartzeko, erreka edo ibairen batetik ere gertu zeudenak ziren. Oinarrizko bi alderdi zituzten: bata, arraina garbitu eta zatitzekoa, eta, bestea, ilaran jarrita egon ohi ziren gatzun asketan arraina gazitzekoa. Arrantza selektiboa eta gatz hornidura beharrezkoak zituzten lanerako.

144. Lapurdiko Getarian zegoen arrain lantegiko indusketetan atun hondar asko aurkitu da.© Xabi Otero
144. Lapurdiko Getarian zegoen arrain lantegiko indusketetan atun hondar asko aurkitu da.© Xabi Otero

Gipuzkoako itsasaldea ere ezaugarri orokor horietan sartzen zen. Gipuzkoako kostan arrain kontserbak egiteko lantegi bat identifikatu da Getarian, eta Lapurdiko izen bereko herrian, beste bat. Beharbada bien artean besteren batzuk ere egongo ziren, oraindaino berririk ez dugun arren. Hain zuzen, arrain kontserben lantegien latinezko izena cetaria da. Lotura hori ez zaie oharkabean pasatu arkeologoei, batez ere, Lapurdiko Getariako tren geltokian duela urte batzuk arraina gazitzeko aska ilara bat aurkitu zenez gero. Hori jakinda, laster berretsi zen Gipuzkoako Getarian ere izan zela erromatar okupazio bat. Hasieran, 1997an, Salbatore Deunaren elizan eta haren inguruan agertu ziren aztarna guztiak, baina geroztik egindako ikerketetan frogatu ahal izan da hirigune historiko guztian badaudela. Froga arkeologiko horri hizkuntzalaritzak euskarria eman dio azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Joaquin Gorrochategui irakasleak eman baititu Getaria toponimoaren jatorritzat goian aipatu den etimologia hartzeko argudioak.

Arrantza, kanaberaz eta amuz

146. Erromatar amuek lau zati dituzte: haria lotzeko burua, makila edo zurtoina, U moduko gakoa, eta arraina krokatzeko muturra.© Xabi Otero
146. Erromatar amuek lau zati dituzte: haria lotzeko burua, makila edo zurtoina, U moduko gakoa, eta arraina krokatzeko muturra.© Xabi Otero
150. Arrantza hesiak Moreno eta Abaden arabera (1971).© Moreno eta  Abad ( 1971 ), Xabi Otero
150. Arrantza hesiak Moreno eta Abaden arabera (1971).© Moreno eta Abad ( 1971 ), Xabi Otero

Kanaberari -haga luze, malgu eta hauskaitz bat- mutur batean lihoz edo zaldi zurdaz egindako haria lotzen zitzaion; hariaren beste muturrean amua lotzen zen, berunezko pisu bat erantsita, eta amuari beita jartzen zitzaion. Arraina harrapatuta zegoen adierazgarri, gaur egun bezala, kulubizak erabiltzen zituzten, hau da, artelazki puskak (kortxoa).Hondoko arrantza ere egiten zuten, haria eta tretza erabiliz -tretzak amu beitadun bat baino gehiago izaten ditu, mutur nagusi baten inguruan-., Amua (hamus) burdinazkoa, brontzezkoa edo kobrezkoa izan zitekeen, harrapatu nahi zen arrainaren neurriaren arabera. Formak ia batere aldatu gabe iraun du gaur arte; argi ikusten da hori Gipuzkoako aztarnategi arkeologikoetan bildutako bildumetan.

Sareak

147. Gipuzkoako itsasertzean badira arrantza hesiak jartzeko toki aproposak; bat, nabarmena, Zumaiako ordokia© Xabi Otero
147. Gipuzkoako itsasertzean badira arrantza hesiak jartzeko toki aproposak; bat, nabarmena, Zumaiako ordokia© Xabi Otero

Ohiko sareak hauek ziren: iaculum edo funda zeritzana, inbutu erako sare txiki bat, berunak erantsita zituena eta itsas ondoko toki altuetatik uretara botatzen zena; sagena, verriculum edo tragula zeritzan arraste sarea; eta hypoché edo eskuko sarea. Horrelako aparailuak egiteko edo konpontzeko tresnak aurkitu direlako dakigu gure ingurunean aparailu horiek erabiltzen zirela. Aurkitutako tresna mota horietako bat anezka da: hagatxo mehe bat, bi muturretan urkila forma duena, haria bertan biltzeko; sarea egiteko, anezka bilbean zehar ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera txandaka pasarazi behar da. Beste tresna mota bat sareak josi eta konpontzeko jostorratz handia da: gorputz luzea eta buru zapala zuten, haria sartzeko begi eta guzti. Sareen pisugarriak ere aurkitu dira, hots, harri kozkor hozkatu batzuk, sareari hariz erantsi eta urpean eusten diotenak.

148. Hezurrezko jostorratzak.© Xabi Otero
148. Hezurrezko jostorratzak.© Xabi Otero

Otarreak

149. Sareak Getariako portuan zabalduta. Sareak josteko eta konpontzeko hezurrezko jostorratz luzeak eta brontzezko anezkak erabiltzen ziren.© Xabi Otero
149. Sareak Getariako portuan zabalduta. Sareak josteko eta konpontzeko hezurrezko jostorratz luzeak eta brontzezko anezkak erabiltzen ziren.© Xabi Otero

Nasa izeneko otarreak ibai, erreka edo estuario aldeetan erabili ohi ziren. Zumez edo espartzuz eginak ziren, kaiola tankerakoak, eta arraina beita bila sartzean barruan harrapatuta gelditzeko prestatuta zeuden.

Hesiak eta pertolak

154. Anezka.© Xabi Otero
154. Anezka.© Xabi Otero

Arrantzarako hesiak, marea beheretan sortzen diren ordoki eta hondartza guneetan egiten dira, marearekin sartutako arrainak ura jaistean bertan harrapatuta gelditzeko. Forma borobildua izan ohi dute, eta erliebearen gorabeherak aprobetxatuz eginak izaten dira, sakonuneetan bereziki. Gipuzkoan badira arrantza mota hori egiteko aukerako tokiak, esaterako Zumaian, eta Getarian bertan. Getarian, portua handitu baino lehen, itsas hondoan gorabehera handiak ikusten ziren, eta, mareak behera egitean sortzen ziren urgune ugarietan, arrainak.

152. Izkirak harrapatzeko Hondarribian erabiltzen den pertola; berunezko grapak ditu pisua emateko.© Xabi Otero
152. Izkirak harrapatzeko Hondarribian erabiltzen den pertola; berunezko grapak ditu pisua emateko.© Xabi Otero
153. Oiassoko berunezko pisugarriak.© Xabi Otero
153. Oiassoko berunezko pisugarriak.© Xabi Otero

Azkenik, salabardoak aipatuko ditugu. Pertolarekiko arrantza, aztarna arkeologikoen argitan, baliteke gure itsasertzean erromatar garaian erabilia izatea. Behintzat, berun ebaki multzo bat aurkitu da, gaur egun itsaskiak harrapatzeko erabiltzen diren pertolei pisua emateko jartzen zaizkien berunezko ebakien ezaugarri berak dituztenak.

151. Nasa Moreno eta Abaden arabera (1971).© Moreno eta  Abad ( 1971 )
151. Nasa Moreno eta Abaden arabera (1971).© Moreno eta Abad ( 1971 )
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net