gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 19, ostirala





Bertan > Bertan 16 Burdinaren Industria > Euskara bertsioa: 1862. Gipuzkoako lehen labe garaia

PDF Bertsioa inprimitzeko [12,18 Mb]Ikono Acrobat

1862. Gipuzkoako lehen labe garaia

91. Labe garaiko ebakidura.
91. Labe garaiko ebakidura.
XIX. mendearen erdialdean, Gipuzkoan oso berrikuntza sakona eman zen produkzio egituran. Pixkanaka-pixkanaka, eskulangintzak atzera egin zuen, halabeharrez, zeharo berriak ziren ekipamendu tekniko eta mekanikoei lotutako produkzio modu berrien aurrean. Industri Iraultzarako ate zabaltze honetan, bi arlo edo sektore izan ziren eragile nagusiak, ehungintza eta papergintza hain zuzen. Izan ere, artean urte batzuk beharko ziren burdinaren arloa, Gipuzkoako industri ehuneko funtsezko jarduera berau, modernotasunaren esparruan sar zedin.

Mea galdatzeko labe berriak instalatuta eta altzairua arragoan fabrikatzen hastean burdina eskala handian lortzeko prozesua abiatu zelarik, industria siderurgikoan aurrerapen handia gertatu zen, baina hasiera batean Gipuzkoa prozesu horretatik kanpo geratu zen, ikusi dugun bezala burdinoletako manufaktura-sistema zaharrari heldu baitzion tinko. Gauzak horrela izatea eragin zuena, batez ere, industriaren arlo honetan Bizkaiak eta honen eragin-esparruek egindako konpetentzia zen. Gabezia horiei erantsi behar, inondik ere, behar beste kalitateko lehengairik ez izatea, ez mea onik ezta kalitatezko harrikatzik ere.

92. Meaka auzoko Irustan minerala kiskaltzeko labea.
92. Meaka auzoko Irustan minerala kiskaltzeko labea.
Baina 1860an burdinola tradizionalak defendatzea dagoeneko erabat antzua zen, eta errealitateak garbi erakusten zuen lantegi horiek ez zirela gai beren instalazioekin lehian aritzeko, labe garai handiak zituztenen aurrean. Inguruko zona batzuetan esperientzia batzuk burutuak zituzten, atarramentu onik ateratzeke ordea, esaterako Kantabrian Lierganesko Errege Fabriketan bi labe garai jarri zituztenean 1628an, edo Lugoko Sagardelosen egur-ikatzezko lehen labea 1797an, edota geroxeago Oviedon Trubiako koke-labea instalatu zutenean, baina 1822ra arte ez zen heldu Ramon Mazarredoren enkargua, teknikari frantziar bati emana, labe garai bat, forjak eta lehen eta bigarren galdaketako metala ateratzeko beharrezko elementuak instalatzeko. (IBAÑEZ, SANTANA, ZABALA, 1988).

93. Legazpiko Patricio Echeverria lantegiko aitzurrak.
93. Legazpiko Patricio Echeverria lantegiko aitzurrak.


Hurrengo hamarraldian abiatuko zen, azkenean, siderurgia estatu mailan berreskuratzeko prozesu motel eta atzeraezina. 1832an burdina atera zuten Malagako labe garaietan, eta berehala Oviedo, Sevilla eta Santanderren ere gauza bera egin zuten. Dena den, berrikuntza horretan Bizkaia izango zen lurralde aitzindaria, 1848an Bilbon Boluetako Santa Anako lantegian labe garaia piztu zutenez geroztik. Estatu mailan labe hori beste bat besterik ez zen, baina oso datu adierazgarri bat ematen digu, erakutsiz nolako atzerapena zuen hemengo bertako teknikak europar siderurgiarekiko, are gehiago kontuan hartzen badugu hainbat mendetan zehar Bizkaiko Itsasoko kostaldeari iritzi ziotela Espainiaren eta beronen inperioaren “burdin fabrika”.

94. Oiartzungo ikazkinen txondorra, atzean Aiako Arria ikusten delarik.
94. Oiartzungo ikazkinen txondorra, atzean Aiako Arria ikusten delarik.
Gipuzkoako kasua, zuzenean baitzegoen manipulazioan sarturik baina ez horrenbeste burdina gordinaren produkzioan, beste bi hamarraldiz atzeratuko zen. Halaz, estreinako labe garaia burdinoletako manufaktura tradizionalaren eta burdin industria modernoaren sorreraren lotura estuaz sortu zen. Beasainen, Domingo Goitia eta Martin Usabiaga, Ihurre eta Ihartzako burdinolen jabeak izaki hurrenez hurren, Jose Francisco Aranarekin bat eginik, honexena baitzen instalatzeko hartu zuten orubea, elkartu egin ziren “Fábrica de Hierros de San Martin de Urbieta” sortzeko 1860an, beren lantegi zaharrek orduko erabat galdua zutelarik lehiatzeko gaitasuna.

95. Pago motzak, egur ikatza lortzeko basoen erabilera intentsiboaren aztarnak.
95. Pago motzak, egur ikatza lortzeko basoen erabilera intentsiboaren aztarnak.
Bide berri honen lehen bi urtean zehar, arragoa handia instalatzeko beharrezko lanak burutzen ari ziren bitartean, burdina beratzeko labeak -pudelatzeko labeak- eta arrabol bidezko ijeztea baliatzen zituzten produkzioa ateratzeko. Burdina, artean, inguruko burdinoletakoa zen. Baina enpresa-gizon haien helburua mea beren lantegietan bertan galdatzea zen, labe garaiak erabiliz horretarako. Horietako lehenaren inaugurazioa, egur-ikatza erabiltzen zuen, 1862an izan zen, eta antzeko ezaugarriak zituen bigarren unitatean 1865ean atera zuten lehenbiziko galda.




96. Bergarako GSB Altzairua fundizioko galda.
96. Bergarako GSB Altzairua fundizioko galda.
1628ko Lierganesko haietatik 1862ko hauetara heldu arte berrehun eta hogeita hamalau urte igaro ziren; berandu zen, zalantzarik gabe, baina une honetatik aurrera siderurgia modernoak tokia hartu zien Gipuzkoako burdinola tradizionalei. Arrazoiak baziren aldaketak aurrera egin zezan, esaterako kalitate hobea lortzea kostu txikiagoez. Produkzio mota biak elkarrekin izan ziren hainbat urtetan zehar, baina gero eta errazago izango zen 1867ko “Estadística Minera” delakoan argitaratutako baieztapenaren antzekoak aurkitzea, honakoa baitzioen hark:

“será muy difícil que [burdinolek] puedan subsistir más tiempo, por muchas razones y principalmente porque en ésta [San Martin de Urbieta] se gasta 120% de carbón vegetal y 150% de hulla por 100 de hierro dulce; y en aquellas nunca baja del 300% el consumo de combustible vegetal”.

97. Ohiko ikazkintza gero eta baztertuago geratu zen, labe garaiaren teknika aplikatzen
          hasita industria siderometalurgiarik desagertu arte. Teknika horrek
          harrikatzak erabiliz errendimendu handiagoa eta hobea ematen zuen.
97. Ohiko ikazkintza gero eta baztertuago geratu zen, labe garaiaren teknika aplikatzen hasita industria siderometalurgiarik desagertu arte. Teknika horrek harrikatzak erabiliz errendimendu handiagoa eta hobea ematen zuen.
1870ean fabrika honek 42.000 kintal burdina produzitu zituen, lurraldean artean lanean ari ziren 14 burdinolek, guztira, 7.120 kintal produzitu bitartean (LEGORBURU FAUS, 1996).

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net