gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko apirilak 20, larunbata





Bertan > Bertan 16 Burdinaren Industria > Euskara bertsioa: Ondare materiala

PDF Bertsioa inprimitzeko [12,18 Mb]Ikono Acrobat

Ondare materiala

146. Beasaingo CAF, muntaketa pabiloiak.
146. Beasaingo CAF, muntaketa pabiloiak.
Gipuzkoako metalurgiari loturik aipatzen ari garen enpresa zerrendari begiratua emanez gero, berehala osatuko dugu irudi bat, nabe sorta bat izanik honen adierazpen plastiko orokorra. Nabea, oinplano errektangeluarreko espazio bat, bi isurialdeko teilatuaz, industriak arkitekturaren historiari egindako ekarpen nagusienetako bat da. Eskulangintzaren espazioak bazterturik, aldaketa gutxi onartzeaz gain ez baitzuten balio makineria berria hartzeko, burdingintzak berehala eskatu zituen espazio zabalak. Espazio eta egitura-dimentsio berri honen garapenean, fabrikazio-materialak berak ere eragin zuzena izan zuen: lehenbiziko nabeak teknika tradizionalei jarraiki eraiki bazituzten ere -zura erabiliz solairuetan eta harria hormetan-, hamarraldi gutxiren buruan metalurgiaren aurrerapenak ahalbidetu zuen burdina bera izatea nabeen elementu nagusia.
147. Patricio Echeverria, Legazpi.
147. Patricio Echeverria, Legazpi.
Burdinari esker, zutoinen eta sostengu-elementuen arteko argiak luzatu egin ziren, teilatuko kargak banatzen zituzten zinbrietan aukera berri gero eta ausartagoak ari ziren agertzen, murruei astuntasuna kendu zieten, azkenean itxitura arin bihurtuz, betiere metalezko egiturak ematen zien sendotasunaz, espazioak erosoago eta aldakortasun handiagoz banatuz, eta argiztapenerako bao zabalagoak irekitzea ahalbidetuz. Burdinaren gaitasunak azterturik, hurrengo berehalako pausoa hormigoi armatuaren hedapena izan zen, eta honen eskutik eraikinen dimentsio funtzional eta estetiko berria heldu zen.

148. Bergarako Unión Cerrajera enpresaren instalazioak.
148. Bergarako Unión Cerrajera enpresaren instalazioak.
Material bat izan bestea izan, nabea izan da beti burdinaren industriak gustukoen izandako aukera. Izan ere, pisukako fabrikaren formula baztertuta zegoen nagusiki, makineriak zein lehengaiak izugarrizko pisua hartzean sekulako kargak sortuko zirelako higiezinetan -proiektuak garestitzea ekarriz, bide batez-, eta zailtasun handiagoak ere bai barne-garraioan -nabeetan, aldiz, lauan zertzen da garraio oro-. Horrenbestez, pisukako fabrika eta beste eredu batzuk aukera espezifikoak izango dira, manipulazio sektore batzuentzat soilik.

Alabaina, ez zen erabateko aldaketa izan eraikuntzan. Ezagutzen ditugun elementu nagusiak errepasatuz gero, aipatu ditugun ideia hauek eta berauek gauzatzeko errealitate praktikoak alderatu ahal izango ditugu. Eredu tradizionalei jarraiki eraikitako lehen aleak ikusiko ditugu horrela, esaterako Aretxabaletako Vergarajaúregui, Resusta y Cía lantegia. Honetan, bina pisuko bi eraikin-hegal luzetan kokatuta zegoen fabrikazioa; hegal horiek erdiko eraikinaren alde banatan zeuden, eta erdiko honetan, berriz, eraikin nabarmenagoa izaki, bulegoak, zerbitzu orokorrak, eta administratzailearen etxea zeuden. Higiezinaren oinarrizko elementuak material tradizionalak dira, zura eta harria alegia. Bere oinplano handiagatik eta atzealdeko ur-salto originalagatik izan ezean, estilo eklektiko neoerregionalistaz altxatutako etxe edo egoitza bat dela pentsa genezake, XIX. mendearen amaiera aldeko arkitektoen izugarri gustuko horietako bat hain justu. Multzo berean sartu beharko genituzke La Cerrajera Guipuzcoana desagertu haren Arrasateko pabilioiak. Han harriak presentzia handia zuen, eta teknika eta materiala ikusirik joandako garaietako lantegi-eraikuntzen arloan sar genitzake.

149. Unión Cerrajera.
149. Unión Cerrajera.
Konplexu handien sorrera eta horien pitinka-pitinkako garapena izango dira egitura berri bat zein forma-esparru berri bat ekarriko dutenak. Kasurik interesgarrienetako bat Beasaingo CAF dugu, zalantzarik gabe. Enpresa honek nabe sorta handia du, eta oin bakarrekoak -galdaragintza-tailer zaharra esaterako- seriatuekin konbinatzen ditu, muntaketako tailer ale bikainak eskainiz. Honetan zazpi hormarte daude, eta erantsitako beste hainbeste nabe-modulu, guztira 155 x 100 m-ko azalera hartuz. Galdategi eta eredu-tailerraren kasua, halaber, bikaina da, berau osatzen duten moduluetako bakoitzarentzako estalkia are garatuago baitu, argiztapena hobetzeko kristalari emanez tokia fatxadako tinpanoan. Kasu guztietan, estalkien silueta hautsia da faktore berezietako bat, honexek ematen baitio halako batasun bat multzoari, eta isurialde biko teilatu sinpleak ere badiren arren, nabarmentzeko modukoak dira linternatzar jarraituak, muntaketa-tailerreko teilatu-faldoi hautsiak edo sheda, honetan luzerako sabaileihoak daude eta.

150. GSB Altzairua, Legazpi.
150. GSB Altzairua, Legazpi.
Baina maila funtzionaleko alderdi horiez gain, konplexuaren nortasun estetikoaren arloa ez zuten bazterrean laga. Nabeen estaldurarako joko kromatikoa erabili zuten, sarbide eta baoetan markoak eginez adreilu trinkoaren bidez, bestela zeharo kareztatuta zeuden paramentu lisoetan. Fatxadetako horizontal eta bertikalen arteko jokoa, gainera, espazioa zeharkatzen eta bolumenak mugatzen dituzten zerrenda liso edo hautsiak erabiliz nabarmenarazten da. Aipatzeko modukoak dira pabilioietako eta espazioetako jatorrizko identifikazio kartelak, inspirazio modernista garbikoak, ze enpresaren anagrama, nabearen izena edo eginkizuna, eta kodifikatu ahal izateko neurri handiko letra kapital bana konbinatzen dute (E letra mekanikarako, F muntaketarako, L galdaketarako, etab.).

151. GSB Altzairua, Legazpi.
151. GSB Altzairua, Legazpi.
Osterantzean, CAFek siderurgi konplexu handi horien nortasunaren beste alderdietako bat erakusten digu: barne-antolamendua. Lantegi-barrutia zonakako industri espazioa izango da, eta bertan ahalik eta arrazionaltasun handienez antolatuko dituzte langile eta material zirkulazioaren lerro nagusiak; CAFen kasuan, gainera, barnean ezinbestez behar duen burdinbideak ere lagundu du honetan.

Patricio Echeverria-ko pabilioiek bide arrazional berari jarraitu diote, garai batean haiek ere burdinbidez baitzeuden komunikatuta. Legazpirako errepidean zehar eta beronen alde banatan erantsitako nabeak izan dira multzoaren osatzaileak. Gaur egun, industri ondarearen multzo honek kronologia askotako elementuak ditu, XX. mendearen lehen hamarraldikoak zein gaur egun altxatutakoak, besteak beste (HERRERAS eta ZALDUA, 1997). Enpresaren lehen aldiko hondar batzuk badira, oso moldatuta bada ere, eta hainbat argazkik aukera ematen digute bere estilo funtzionala dagoeneko CAFen ikusi ditugun dekorazio erritmoekin parekatzeko, esaterako fatxadak zatikatzen zituzten zerrenda eta pilastrak, frontoi mailakatuak pantaila gisa erabiliak, baoak markoz hornituak, edota lehen pabilioi horien ezaugarria izan dela dirudien aurrealdeko argiztapen mailakatua.

152. Kortxo-kentzekoak.
152. Kortxo-kentzekoak.
Geroago, Patricio-k hazteko zituen beharrek aldarazi egin zuten dekorazio ildo hori, eta joera berrien bidetik joz askoz aukera sinpleagoak jorratu zituen, adreilua, hormigoia eta burdina erabiliz nagusiki, itxitura, marko, zutoin, zinbria edota solairuetan hainbat modutan konbinatuz elementuok.

Egungo bulego pabilioian, ostean, bistako adreiluz egindako itxiturak nagusitzen dira, bao erregular eta arkuz markoztatutakoak dituztela. Sarrera nagusia pantaila batek mugatzen du, eta leiho-bao hirukoitz bat du erremate; enpresaren izenak eta markak hartzen dituzte espazio libreak. Eraikuntzaren azkeneko formulen beste muturrean izango genuke egungo galdategia, xafla eta elementu ondulatuak erabiltzen dira-eta bertan, metal eta hormigoizko egitura duen espazio handia ixteko; hau da, zuzen-zuzenean lot dezakegu aukera hori, XX. mendearen azken laurdeneko industri eraikuntzarekin.

153. Ormaiztegiko Irizar lantegiko Century motako autobusa.
153. Ormaiztegiko Irizar lantegiko Century motako autobusa.
Kontzentrazio honekin bat eginik, Arrasateko Unión Cerrajera de Mondragón edo enpresa berak Bergaran dituen elementuak izango genituzke. Duela gutxi eraitsi dituzte Arrasaten ia-ia mende batez iraun duten ekipamenduak, bertan zirela garai desberdinetako higiezinak eta eraikin motak. Zorionez, Bergarako ondare materialak ez du hain amaiera penagarririk izan, nahiz eta ijezteko pabilioiaren zati handi bat desagertu den; honetan, sareta-zutoinez eta errematxatutako gatzariz osatu egiturak eusten zien zeharkako
154. Ipar Itsasorako ozeanoan zeharreko atoi-ontzia, Zumaiako Balenziaga ontzioletakoa.
154. Ipar Itsasorako ozeanoan zeharreko atoi-ontzia, Zumaiako Balenziaga ontzioletakoa.
garabiei eta pendoloi-zinbriei. Ijezteko tren handia eta birberotze labeak espazioaren elementu nagusiak ziren honetan “fatxadismora” jo zuten, mozorro bat egitera alegia mintzaira arrazionalistaz adieraziko bagenu, horizontalen eta bertikalen jokoaz, bikromatismoaz, marko eta banden erabileraz, pantailak mailakatuz lerroak sendotzearren, eta erlojuaren baliabide baztertezinaz. Alabaina, biltegi-nabea mantendu da, oso modu egokian erabiltzen dute-eta gaur egun kiroldegi baterako -aukera bikainak, benetan, lantegi espazioek ematen dituztenak!-, 1926an eraikitako xafla-ijezketako tailerraren nabe izugarri interesgarriarekin batera.

156. Makina-Erreminta. Industria aeronautikorako turbinak artezteko makina. Danobat, Elgoibar.
156. Makina-Erreminta. Industria aeronautikorako turbinak artezteko makina. Danobat, Elgoibar.
Azkeneko honetan, espazioa gorputz bakarrekoa da, garbia eta traba egin dezakeen ezer gabea, ezinbestekoa baitzuen horrela izatea bere eginkizunak ongi betetzeko. Oinplano errektangeluar luzea du, eta aireztapena errazteko linternatzar jarraitu eta irten bat; honek, bide batez, bi isurialdeko estalkia ematen dio. Albo motzetako fatxadak horrexegatik mailakatu dira nabarmenki, eliza gotiko baten antza hartuz, erdi nabe estu-estuko eliza batena hartu ere. Nabe honetan murruak zeharo zabalduta daude, hormigoi armatua erabiltzeak horretarako aukera ematen du eta, eta eratutako baoak kristalez estalita ditu. Alboetan bide berari segitzen dio, bao zabal-zabalak elkarren gainean jarritako bi erregistrotan markoztatuz; bao horiei erritmo estetikoa gehitu behar, ze galeria edo zurezko hegaltxo irtenak erremateko arku bat egiten du.

155. Fagor garbigailua.
155. Fagor garbigailua.
Laneko espazioan argi naturala izateko nahi honexek beste lekuko bat eskainiko digu Arrasateko Elmako bulego eta biltegi pabilioian. Bloke errektangeluar sendo hori 1924an eraiki zuten, bi ataletan: lehena etzana da, eta bigarrena, berriz, dorre karratu bat, angeluan gora altxatua. Fatxadak osorik zabalduta daude, goitik behera, lehen oineraino helduz; hiru zatiko leihate handiak dira, barroko estiloko xafla moztuez apaindutako pilastrek markoztatuak. Multzo osoaren goreneko aldean erlaitz handi bat, aurrera atera eta eskudel mazizo molduradun batez errematatzen dena; eskudel honetatik pinakulutxo mailakatuak ateratzen dira erritmikoki, enpresaren izenari espazio edo kartel bat utziz. Hormigoizko mole itzel honek erakusten digu, zalantzarik gabe, hormigoi armatuaren erabileraz zabaldu zen aukera sorta berria; izan ere, erresistentzia handiko solairuek industriaren arlo honetako lantegiak pisuka antolatzea ahalbidetu zuten, batez ere manipulazio eta doiketa lanak egiten zituzten lantegiak.

157. Eduardo Chillidaren eskultura, Hernaniko Chillida Leku-n.
157. Eduardo Chillidaren eskultura, Hernaniko Chillida Leku-n.

Elementu nabarmenetako batzuei buruzko errepasotxo honi amaiera emateko, halako hausnarketa bat egingo dugu Debabarreneko armaginek erabilitako formulari buruz. Ikusi dugun bezala, herri horietako tradizioa eta langile-kontzentrazioa izan zen XIX. mendearen bigarren erdialdean lehenbiziko lantegiak agertzea eragin zuena. Fabrikazio sistema sakabanatu batetik zetozela, unitate txikietatik alegia, eta doitasun-lanak zirela, lehenbiziko lekukoak nabetxoak ziren, ez besterik, neurri txikikoak, sarritan material eta teknika tradizionalez eraikiak, Orbeatarren tailer zaharra esaterako.

158. Beasaingo CAF, Washingtongo Metrorako bagoia.
158. Beasaingo CAF, Washingtongo Metrorako bagoia.
Dena den, armagin horien ugalketa eta arrakastak, batez ere XX. mendearen lehen hamarraldietan zehar, firmen hedapena ekarri zuen, eta honen bide beretik etorri zen espazio berrien eta handitze beharra. Bigarren fase honetan, lekuko garrantzitsuenak arrazionalismoaren ildotik burutuko ziren, berehala joz, inolaz ere, funtzionalismorantz, eraikin soil eta sarritan inpertsonalez. Parean topatutako lehen baldintzatzailea espazio librerik eza izan zen, zeren eta hiri-kontzentrazioa, batik bat Eibarren, izugarrizko arazoa baitzen, are larriagoa ibai-haran mehar baten hondoan sortzen ari zelarik kontzentrazio hori. Horregatik, aukeratutako bidea pisukako lantegiak egitea izan zen, lurra erosiz egindako inbertsioari etekina ateratzeko modua ematen zuelako, oinak bata bestearen gainean antolatuz espazioaren gaitasuna bikoiztu, hirukoiztu eta are laukoiztean. Gainera, manipulatutako materiala neurri txiki eta pisu txikiagokoa izatea abantaila zen.

Horrenbestez hainbat tailer garatu zen, eta hiria bera hazi ahala beronen baitan integratu ziren, pisukako etxe-eraikinak balira bezala, ze kristalen banaketa eta baoen neurriak dira -normalean handiagoak, seriatuak edota fatxada alderik alde zeharkatzen dutenak izaki- beste eraikinetatik bereizten dituzten elementu bakarrak. Baoak banda edo zerrendaz markoztaturik, barnealdean hormigoizko solairuak erabiltzen dira, eta behar bezala antolatzen dira eskailera-begiak, igogailuak eta kargagailuak, horrela lortuz lantegia inolako zailtasunik gabe sartzea hiri-bilbean. Aldi berean, herrien arteko espazioetan beste enpresa batzuk sortu ziren pitinka-pitinka, elkarrekin biltzeko asmoz sortu ere, eta metalezko materiala erabiltzen zituzten sektore berrien agerpenari loturik zenbaitetan; horietakoa dugu, esaterako, lehenbiziko josteko makinen kasua (ALFA, Singer), etxeko elektrotresnen industriaren garapen arrakastatsuaren esparruan estreinako pausoa eman zutenena.

159. Agorregiko burdinolako sutondoa. Arkeolanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako entseiu zientifikoa, XIX. mendera arte Gipuzkoako burdinoletan burdina eskuratzeko erabili ziren moduei buruzkoa.
159. Agorregiko burdinolako sutondoa. Arkeolanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako entseiu zientifikoa, XIX. mendera arte Gipuzkoako burdinoletan burdina eskuratzeko erabili ziren moduei buruzkoa.
XX. mendeko hirurogeiko hamarraldiaren hasieraz geroztik bizi-mailak izan duen hobekuntza progresiboa eraldatuen sektore honen agerpen eta hedapenarekin batera heldu zen, gero eta indartsuago eta presenteago baitzen hura Gipuzkoako metalurgiaren esparruan; sektore honen eskutik etorri zen hainbat fabrika-multzo trinko, Debabarreneko formularen eta lehenago deskribatu ditugun konplexu handien bitarteko aukera jorratuz. Sektoreak hurrengo hamarraldietan zehar izan duen garapenak azaltzen digu zergatik finkatu den industri poligono modernoetan, non metalurgiako jarduerak industriaren era guztietako adarren artean erabat kamuflatzen diren; poligono horietan, enpresak kontzentratu egiten dira pabilioi-multzo anonimoetan, eta gaur egun material plastiko modernoak erabiltzen dira, metalarekin batera.

Inolako zalantzarik gabe, garapen metalurgikoaren historia, bere bilakaeraren aztarnak oraindik ere paisaian antzematen diren horrexen historia izan da gipuzkoar lurraldearena ezagutzeko funtsezko giltzetako bat, oraina ere azaltzeko balio duena. Lehenago burdinola bat izandako tokian bertako industri iraultza partikularraren adierazpen apalen bat finkatuko zen -lehenbiziko tailerrak eta labe garaiak-, gero XX. mendearen hasierako bultzadan protagonista izandako enpresa helduko zen, mendearen erdialdeko urteetan gogotik borrokatuz eta sakon eraldatuz, eta 80ko hamarraldiaren inguruan bere garapenaren goreneko unera ailegatu ostean, horrek tokia utzi dio industrialde edo industri poligonoari. Urrats horiek guztiak Gipuzkoako leku askotan ikus daitezke, eta beste ezerk baino hobeto azaltzen digute egungo metalurgi industriaren izaera: askotarikoa, modernoa, zalua eta aldakorra merkatuaren aurrean, kapitalizatua eta eraginkorra. Eta ostean metalurgiak laga digun material ondareak, hutsune asko diren arren, ongi kontatzen digu harrizko labe txikien berotasunean, egur-ikatzez, izerdiaz eta “besoen indarrez” altxatutako prozesuaren historia.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net